
Geroz eta gehiago dira IKTak barneraturik dituzten eskolak. Horietako bat, Berrobiko eskola, hain zuzen, buru-belarri dabil arlo honetan. Webgunea, pantaila digitala, 2.0 proiektua, bideoa, argazkigintza, maketazioa… hamaika dira eskolako irakasle nahiz ikasleek erabiltzen dituzten baliabideak. Teknologia berriak erabat baitaratu dituzte eta arrotz izatetik bidelagun dituzte eguneroko jardunean. 2 urteko haurretatik hasi eta 12 urte bitarte, ordenagailu gelako erabilpenaz haratago doaz haur eta irakasleek IKTez dituzten ezagutzak. Gainera, egunetik egunera, hobetzeko gogoa eta ikasteko gogoa haziz doaz, IKTeenganako jarrera baikorra nabarmenduz.
Azpimarratzekoa da, beraz, bertako irakasleek egiten ari diren esfortzu ikaragarria. Ezezaguna den zerbait izatetik, erabilpenetan aberasgarri izatera pasatu baitira aipatu baliabideak. Gauza jakina da zer nolako aparteko lan eskerga eransten zaion irakaslearen eguneroko lanari; horregatik da eredugarria Berrobiko eskola, irakasleen arteko komunikazioaz abiatuz, denen artean, gogoz eta irrikaz heldu baitiote gaiari. Formakuntzarako aukera urria izanda ere, autodidaktak bilakatu dira denak, IKTek eskainitako baliabideen onurez oharturik, bidean topaturiko traba eta oztopoak gozamen bilakatu direlarik. Honek guztiak, noski, eragin nabarmena du haurren hezkuntza ibilbidean, horrelako inplikazio mailak IKTenganako ezagutza zabala suposatzen baitu. Gauzak horrela, eredugarria bihurtu da Berrobiko eskola, elkarlanean arituz eta jakin-mina asez bai ikasleak eta baita irakasleak ere IKTen bidean aurrera baitoaz, urratsez urrats, pausuz pausu, datorrenari ateak irekiz.
IKTak eguneroko ogia bihurtzen ari diren honetan eta etorkizunari begira, asko dugu Berrobiko eskolaz ikasteko (eskola txikia izanik). Utz ditzagun atzean ezezagunarekiko beldurrak eta igo gaitezen teknologia berrien trenera gogotsu, helmuga zain daukagu eta.